2013/06/17

ETXERAT: MAIATZEKO TXOSTENA

Maiatzean zehar espetxeetan emandako gertaeren berri ematen duen txostena argitaratu du etxeratek:

Maiatzeko hilabetekari honek, hil honetan espetxeetan eman diren gertakari nagusien berri ematen du, eta gertakari hauek aztertuta ikus daiteke egoera ez dela gehiegi aldatu. Espetxe politika honen bizi-baldintza gogorrez gain, zenbait funtzionariok gure senide euskal preso politikoekin espetxeetan dituzten jarrerak ere benetan latzak izaten dira; tentsio uneak, probokazioak eta mehatxuak ugariak direlarik. Eta jarrera hauek jada nahikoa urratuak diren eskubideak urratzen jarraitzeko aukera besterik ez dute ematen. 

 
Egoera hauek jasanezinak bilakatzen direnean gure senide eta lagunak protestarako eta salaketarako muturreko neurriak hartu behar izaten dituzte, gose grebak kasu. Hori gertatu da hil honetan estatu frantseseko Muret Seysses espetxean. Itziar Morenok eta Ruben Riverok gose greba bat burutu zuten, lehenak hamar egunetakoa, eta espetxe bereko kide ziren Oihana Garmendiak eta Julen Mujikak ere borroka burutu zuten, espetxeak Moreno eta Garmendiarekiko zuen jarrera salatzeko; eta bereziki Itziar Morenok jasandako erasoak salatzeko. Azkenean, borrokaldia amaitutzat eman zuten, Itziar Moreno espetxez mugitu zutenean. 
Gure senide eta lagunekiko presioek ere ez dute etenik. Olga Sanzen kasuan bere haurraren jaiotza erabili zuten Villabonako espetxean, kolektiboa utz zezan presio egiteko erabili baitzuten; haurra kenduko ziotela mehatxatuz. 
Senideok ere, senide hutsak izateagatik hainbat jarrera iraingarriak eta zigorrak jasan behar izaten ditugu, sakabanaketaren ondorio gogorrak jasaten jarraitzen dugun bitartean. Eta horren erakusle, sakabanaketaren ondorioz izaten ditugun istripuak; kasu honetan, Ibai Peña bisitatzera Teruelera zihoazen bi lagunek jasan zuten 2013. urteko bosgarren istripua. 
Zenbait espetxetako egoera beti bezain gogorra izaten jarraitzen du; beste batzutan are gogorragoa bilakatu da; denetan, inoiz baino onartezinagoa. Ezinbestekoa da espetxe politika honen berehalako desaktibazioa. 
"Presoak eskubideak dituzten subjektuak dira. Estatuak beraien giza eskubideak errespetatzeko eta errespetatuak izango direla bermatzeko betebeharra eta agindua dauka. ONUk eta Europar Batasunak espetxe politikaren inguruan onartutako oinarriak aplikatu beharko lizkieke presoei: zigorra euren jatorrizko herritik ahalik eta gertuen bete behar dute, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoerari irtenbide bat ematea edo zigorra beteta duten presoek askatasun eskubidea izatea. 
Terrorismoaren aurkako borroka aitzakiatzat hartuta ezarri diren salbuespeneko neurriek ez dute justifikaziorik izango indarkeria dagoen garai batetik, indarkeria amaitu deneko garai baterarteko trantsizioan." Bake Foroan biltzen den gomendioetako bat da honakoa. Badakigu estatu espainiarra eta frantziarra euskal preso politikoak eskubideak dituztela onartzetik oso urrun daudela, eta PPk gomendio hauen harira izan duen jarrera ikusita badakigu ez duela albo batera utziko mendekua bilatzen duen politika. Baina, guk euskal gizartearen lanean konfiantza osoa dugu. 
Maiatzean beste gertakari larri baten berri ere izan dugu: Panaman lanean zegoela, Mikel Illarramendi preso politiko ohia hil zuten, dirudienez bera zegoen lekura lapurreta bat egitera joan zirenean. Eta Etxerat elkartetik bere senide eta gertukoei gure elkartasuna adierazi nahiko genieke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario