Herrira sortu da. Euskal Herrian hutsik dauden aulkiak betetzea da
bere xedea. Zentzu honetan, helburu honekin bat egiten duten herritar
guztiei espazio eraginkor bat eskaintzera gatoz, eremu ezberdinetatik
eta konpromiso ezberdinekin, eginahal honetan ahalik eta indar gehien
batzeko.
Gure helburuekiko aldekotasun jarrerak dituzten herritarrekin eta
eremu guztiekin batera lan egin nahi dugu, hauei entzunez, elkarlana
bultzatuz, mugimendu parte hartzaile eta zabal bat eratuz.
Gure helburuekiko aurkakotasun jarrerak dituzten herritarrekin eta
eremu guztiekin ere lan egin nahi dugu. Hauen kontzientziak ukitu nahi
ditugu, hauen jarrerak aldatu, gaurko aurkakotasunak biharko aldekotasun
bihurtu daitezen.
Herrira sortu da. Hau ez da aktibista kopuru zehatz bateko
mugimendua. Hau preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetu nahi duen
herri mugimendu da. Herrira gehiengo zabal baten nahia antolatzera
dator, nahi hau mobilizazio bihurtzera, helburu hau egia izan dadin lan
egitera. Herritarren ahotsa eta ekintza da Herrira. Denok gara Herrira.
Urtarrilaren 7an Bilbon burutu zen mobilizazioa erreferentzia argia
da preso eta iheslariak etxeratzeko lanean. Hilabeteetako lanaren
emaitza izan da manifestazio kolosala. Presoen gaia eztabaida
politikoaren erdigunean kokatzeko baliagarria izateaz gain, gizartearen
konpromisoaren erakusleiho izan da. Argazki horrek bide bat erakusten
du, preso eta iheslariak herriratzeko egiten ari garen bidea.
Bihartik aurrera bide horretan gehiago izateko lan egingo dugu. Askotariko herritarrak batu nahi ditugu, askotariko ekimenetan.
Hau, desagertzeko zioa duen mugimendua da. Misio bat jarri diogu gure
buruari, eta misio bakar horri loturik lan egingo dugu. Behin misioa
lortuta, bere lana amaitutzat emango du Herrirak. Izan beza bizitza
laburra bezain emankorra. Gogotik ospatuko dugu gure azken arnasa!
No hay comentarios:
Publicar un comentario