2013/04/30

HITZALDI ARRAKASTATSUA

Arrakastatsua izan zen Jaiki Hadi eta Herrira mugimenduak antolatutako hitzaldia.

"Preso larrien egoera espetxean" gaiaz hitz egiteko bi berbalagun izan genituen. Alde batetik, Fernando Arburua sikologoa eta preso ohiak espetxeetako bizi baldintza gogorraz eta honen ondorioaz mintzatu zen. Ondoren, Oihana Anduezak (Josemiren sikologoak) arazo sikologikoak dituzten presoen egoeraz eta bereziki Josemiren egoeraren berri eman zigun.

Anguleriko aretoa ia bete egin zen herritarrez.



 









2013/04/27

HERRIRAREN ALDEKO ZOZKETA

Larrabetzuko merkatariek eta ostalariek Herriraren aldeko zozketa antolatu dute. Bi sari ederrez osatutako zozketa.
Datorren hilabeteko azken barikurarte euro bateko papertxoak jarriko dituzte salgai herriko tabernetan.



2013/04/26

"GAIXO LARRIEN EGOERA ESPETXEAN" HITZALDIA ASTELEHENEAN

 Astelehen honetan, hilak 29an, Jaiki Hadi elkarteak eta Larrabetzuko Herrirak antolatuta, larriki gaixorik dauden presoen egoeraren berri izango dugu.
Bi aditu etorriko dira berbalagun.
Alde batetik, Kurrilloren sikologoa den Ohiana Andueza; eta bestetik, Fernando Arburua sikologoa eta preso ohia.
Oso hitzaldi interesgarria izango delakoan Angulerira, arrastiko 19:30ean, hurbiltzera gonbidatzen zaituztegu.

2013/04/24

M18Plazara: SPOT OFIZIALA

Maiatzaren 18an, Euskal Herriko plazak beteko ditugu preso eta iheslarien giza eskubideen alde. Zeren eta, gauza batzuetarako, ez bat eta ez bi, ez sei eta sei mila, herri guztia da beharrezkoa. 

GIZA ESKUBIDEAK. IRTENBIDEA. PAKEA. EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA.



2013/04/23

MERKATARIEK ETA OSTALARIEK BAT EGIN DUTE "AZKEN BARIKUE"REKIN

Hona hemen herriko merkatari eta ostalerien komunikatua:


Larrabetzuko herriari:
Kontuan izanik "Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren" atarikoan, lehen eta bigarren artikuluetan, askatasun eskubideen atalean, besteak beste, iritzi politikoa, eta hizkuntza aipatzen dituela, egoera ekonomiko eta soziala, sexua eta erlijioa gorabehera, eta baita ere adierazpen honen 13,2 eta 17,1 artikuluetan kontzientzia-pentsamendu eskubideak eta askatasun politikoak nabarmentzen direla, guk Larrabetzuko merkatari eta ostalariok exijitzen dogu eskubideok errespetatu dagiezala, eta bat egiten dogu beste elkarte batzuek egin dituzten manifestu eta eskariekin, eta gizarte osoari gonbidapena luzatzen deutsagu eskubide urraketei aurre egiteko, eta ere berean euskal preso politikoen aldarrikapenen alde HERRIRA elkartearen helburuekin ere bat egin dagien.
                                               LARRABETZUKO MERKATARIAK ETA OSTALARIAK

GAUR, BIHAR ETA ETZI HATORTXU ROCK-EKO SARRERAK 15 €-TAN

Apirilaren 23, 24 eta 25ean HATORTXU ROCK 15erako sarrerak 15 eurotan eskuratu ahal izango dira, soilik internet bidez. 1000 sarrera bakarrik daude salgai formato honetan. Eskaintza honen ondorengo salneurriak hauek izango dira: 20 euro aldez aurretik eta 25 bertan. Sare bidezko erosketa, bertan

Oroitu Hatortxu Rock 15, musika eta elkartasuna uztartzen dituen jaialdia, ekainaren 1an egitekoa dela Atarrabian eta bertan Fermin Muguruza, Berri Txarrak, Riot Propaganda, La Jodedera eta Iheskide taldeak arituko direla.

                                 

2013/04/22

SAKABANAKETAK ERAGINDAKO AURTENGO HIRUGARREN ISTRIPUA

Bigarren Ibarra presoaren senideek jasan dute sakabanaketak aurten eragindako hirugarren istripuaApirilaren 20an, larunbatean, Bigarren Ibarra preso bilbotarraren alabak eta anaiak istripua izan zuten eguerdian. Gasteizen, Lopidanan beste auto bati pasatzen utzi behar zioten lekuan, auto bat kolpatu zuten. Ibarraren anaia ondo dago, baina, alabak mina hartu zuen gerrikoarekin eta toraxeko traumatismoa du. Bisitara zihoazela izan zuten istripua. Bigarren Ibarra Monterroson (Lugon) dago preso. Azkenean, zorionez bere senideek Monterrosora iritsi eta bisita egin ahal izan zuten.
Honakoa sakabanaketak 2013. urtean eragin duen hirugarren istripua izan da, eta istripu hauek 7 senide eta lagunek jasan dituzte. Sakabanaketa martxan jarri zenetik 16 senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan. Istripu eta heriotza hauek sakabanaketaren ondorio zuzenetako bat dira. Horregatik, bada garaia sakabanaketarekin amaitu eta euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzeko. Eta ez soilik euren eskubidea delako, baita gure eskubidea delako ere!


2013/04/17

APIRILAK 17: MUNDUKO PRESO POLITIKOEN EGUNA


Munduko preso politikoen eskubideak aldarrikatu ditu Herrirak

Apirilak 17, nazioarteko preso politikoen eguna den honetan, Herrira mugimenduak munduan zehar arrazoi politikoengatik espetxeratuak dauden pertsonen eskubideak aldarrikatu nahi ditu. Horrekin batera, Irlanda edo Hego Afrikako kasuetan suertatu bezala, auzi honi irtenbide integral eta eraginkor bat emateak gatazka politikoen konponbidean duen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

2013/04/16

M18 PLAZARA!: HERRIRA MUGIMENDUAREN AGERRALDIA BILBOKO PORTUAN

 Herrira mugimenduak agerraldi publikoa egin du gaur Bilboko Itsas Museoaren aurrean datorren maiatzaren 18an Euskal Herri osoko plazak betetzeko deia eginez. M18Plazara ekimenaren bitartez iragan den azaroaren 10an eta urtarrilaren 12an Bilbon egindako mobilizazioek erakutsitako adostasun zabala herri, auzo eta hiriburuetara eramateko.

Nagore Garcia eta Beñat Zarrabeitia bozeramaileak adierazi dutenez, Herriraren asmoa argia da: Giza eskubideak, irtenbidea, bakea eta espetxe poltikaren aldaketa eskatzen dituen pankartaren atzean ahalik eta borondate gehien barnebiltzea da. Norabide horretan, bi mobilizazio historiko hauek babesa oinarritzat hartuta, eragiletzari eta instituzioei M18Plazara ekimena modu aktibo eta eraginkorrean babesteko gonbitea luzatu diete.
Horrekin batera, herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die Herrirak. Bai Euskal Herrian, bai arrazoi ezberdinegatik egun horretan bertan izango ez direnei. Giza eskubideak, konponbidea, bakea eta espetxe politikaren aldaketaren aldarria munduko plazetan lau haizetara zabaldu dezaten.


"PRESO POLITIKOAK ETA GATAZKEN KONPONBIDEA" MAHAINGURUA

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira, Bitartekari Taldeak antolatuta, “Preso politikoen egoera eta gatazkaren konponbidea” izenburuko mahai-ingurua egingo da apirilaren 18an, 18:00etan, Bilboko UPV-EHUren paraninfoko Bizkaia aretoan.
Parte hartuko dute: Hahdan Didamiri (Palestina), Oier Gonzalez (Euskal Herria), Fayick Yagizai (Kurdistan) eta Javier Orozko (Colombia). Moderatzailea Txente Rekondo izango da. Eta, bideo bitartez, Seanna Walsh (Irlanda) eta Robert McBride (Hego Afrika) ere izango dira ekitaldian.
Webgune berezia: “Preso politikoen egoera eta gatazkaren konponbidea”



(http://www.eppk-bt.net/  webgunetik hartua)

2013/04/09

ETXERAT: MARTXOKO TXOSTENA

Etxeratek martxoan espetxeetan emandako gertaeren berri ematen duen txostena argitaratu du.
Sakabanaketa, osasun eskubidea, askatasunak, espetxeratzeak, leku aldaketak eta Nagore L. de Luzuriagari (Psikologoa eta Etxerateko kideari) elkarrizketa jorratzen ditu, besteak beste.



2013/04/08

SAKABANAKETA 125 SEGUNDOTAN

"HILKETA POLITIKOA" IZAN DELA SALATU DUTE SENIDEEK

Xabier Lopez Peñaren heriotzaren inguruko "okultismoa" kritikatu zuen atzo Bilbon euskal presoa zenaren sendiak. Haren anai-arreba Juanma eta Begoña Lopez Peñak salatu zuten zortzi egun igaro direla presoa hil zenetik eta zergatik zendu zen jakin gabe jarraitzen dutela. Sendagileen txostenik ere ez dutela jaso ohartarazi dute.
"Bahiketa eta hilketa politikoa" izan zen Lopez Peñaren heriotza, senideen arabera. Halaber, kexatu dira Frantziako administrazioen aldetik jaso duten "tratu ankerraz". Juanma Lopez Peñaren esanetan, ez dakite zer gertatu zen martxoaren 9tik —presoa bisitatzera joan zirenetik— martxoaren 30era arte —hil zen egunera arte—. Bisitan joan zitzaizkionean osasunez ongi zegoela erantsi du anaiak.
"Soilik dakigu buruan odolbildu txiki bat zuela heldu zela Parisera eta sendagileen arabera osa zitekeela, eta han bihotzean by-pass bat egin ziotela", adierazi du Begoña Lopez Peñak. Gainera, nabarmendu du presoa "bakarrik" hil zela, "nahiz eta gu erietxetik bost minutura dagoen hotel batean geunden". Kritikatu dute ez zietela jakinarazi Xabier Lopez Peñak okerrera egin zuela, eta hura hil eta hamabi ordura eman zietela heriotzaren berri.
Gogorarazi dute sendagileek ez dietela azaldu zein izan den presoaren heriotzaren arrazoia: "Oraindik ez dakigu zer eragin dion heriotza". Orobat, jakinarazi dute salaketak jarri dituztela sendagileen, erietxearen, Frantziako Poliziaren eta estatu horretako espetxe agintaritzaren aurka.
Espero dute aste honetan zehar ekarri ahal izatea Xabier Lopez Peña zenaren hilotza Euskal Herrira.
(Berria egunkariko notizia)
 

MILAKA PERTSONA BILBOKO MANIFESTAZIOAN

Herrira mugimenduak deituta, milaka pertsonek hartu zuten parte larunbatean  Bilbon egindako herri mobilizazioan. Bertan, Xabier Lopez Peña eta Angel Figueroaren heriotzak errepikatu ez daitezen, Herrirak salbuespen neurrien etetea eta konponbidea eta bakearen eraikuntzaren aldeko hautua errepikatu zuen.
Bideoak eta argazkiak herriraren webgunean.

2013/04/04

APIRILAREN 6AN BILBORA!


Apirilak 6, larunbataHerri mobilizazio isila Bilbon. “Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea” lemapean. Hitzordua 17:30tan Casillatik.
Larrabetzuarrok 16:30etako trena hartuko dugu Lezaman.

2013/04/03

SALBUESPEN NEURRIEN AURKAKO HERRI MOBILIZAZIOAK


Herrira mugimenduak agerraldi masiboa egin du Bilbon Xabier Lopez Peñaren heriotza eta indarrean dagoen espetxe politikaren ondorio latzak salatzeko. Bertan, Nagore Garciak eta Beñat Zarrabeitiak hartu dute hitza, mezu argi bat helaraziz: Berriro gerta ez dadin. Ez dugula heriotza eta sufrimendurik nahi, konponbidea eta bakea eraikitzeko garaia da. Zentzu horretan, espetxe politika oztopo nabaria da eta horren erakusle dira Lopez Peña eta Figueroaren heriotzak, larri gaixo dauden presoen egoera, 197/2006 doktrina, sakabanaketak eragindako istripuak edo Muret, Sevilla eta Puerto III-ko espetxetan euskal presoek pairatutako jipoiak.
Bide horretan, ezinbestekoa da Xabier Lopez Peñaren kasuan gertatutakoa argitu eta indarrean dauden salbuespen neurriak etetea. Helburu horrekin, Herrira mugimenduak honako mobilizazioak deitu ditu:
Apirilak 4, osteguna: 12:00tan elkarretaratzea Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean. Kexa formal bat entregatuko diogu kontsulari.
Apirilak 5, ostirala: Elkarretaratzeak Basauri, Galdakao, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Donibane Garazi, Baiona, Donibane Lohitzune, Maule eta Hasparnen.
Apirilak 6, larunbata: Herri mobilizazio isila Bilbon. “Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea” lemapean. Hitzordua 17:30tan Casillatik.