2013/06/26

YUSTEREN HITZAK SUFRIMENDUAREN ESTRATEGIAREN ADIERAZLE

Angel Yuste (Espetxetako Zuzendaritzako idazkari nagusia)
Hona Yusteren hitzen harira Herrira mugimenduak ateratako oharra:

Herriraren aburuz, Espetxetako Zuzendaritzako idazkari nagusi den Angel Yustek Espainiako Kongresuan gaur egindako adierazpenak onartezinak dira. Are gehiago, sufrimendua eta oinazea besterik eragiten ez duen salbuespeneko espetxe politika honen ondorio zuzenak pairatzen dituzten milaka euskal herritarrenganako errespetu falta ikaragarria suposatzen dute.
Yusteren hitzek sufrimenduaren estrategian sakontzen dute eta bai presoen bai euren ingurune hurbil osoa arriskuan jartzen duen errusiar erruletaren apología garbia dira. Izan ere, ezin dugu ahaztu sakabanaketak edo espetxe barruan emandako osasun asistentzia desegokiak hamarnaka euskal herritarren bizitzarekin amaitu dutela.
Indarrean dagoen espetxe politikak giza eskubideak era nabarmean urratu eta ondorio atzeraezinak eragiten ditu. Giza eskubide guztiak errespetatu eta konponbidea zein bake justu bat lortu ahal izateko ezinbestekoa da espetxe politikaren aldaketa. Hala eskatzen dute euskal jendartearen gehiengoak zein nazioarteko hainbat eragile eta instituzioek.
Horiek horrela, euskal herritarren gehiengoaren nahien aurka jotzen duten adierazpen eta probokazioen aurrean, nahitaezkoa da espetxe politikaren aldaketa erdiesteko adostasun berriak josi eta sentsibilitate ezberdinetako pertsona, eragile edo sektoreen arteko akordioak lotzea. Bide horretatik, zein konpromisoa eta mobilizazioaren bitartez, lortuko baitugu espetxe politikak suposatzen duen oztopo lazgarria gainditzea.
Yusterena bezalako adierazpen arduragabeek ez dute justifikaziorik, sufrimendua eta giza eskubideen urraketak atzean uzteko garaia da. Euskal jendartearen gehiengo zabalaren nahia bakea eta konponbideari aukera bat ematea da. Bide horretan, espetxe politikaren aldaketa gako nagusienetako bat izanik, Herrirak mobilizazioak deitu ditu ostiral honetan Euskal Herriko hiri eta herri guztietan. Hortaz, herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu.
Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira
Eskerrik asko
Herrira


No hay comentarios:

Publicar un comentario