2013/04/08

"HILKETA POLITIKOA" IZAN DELA SALATU DUTE SENIDEEK

Xabier Lopez Peñaren heriotzaren inguruko "okultismoa" kritikatu zuen atzo Bilbon euskal presoa zenaren sendiak. Haren anai-arreba Juanma eta Begoña Lopez Peñak salatu zuten zortzi egun igaro direla presoa hil zenetik eta zergatik zendu zen jakin gabe jarraitzen dutela. Sendagileen txostenik ere ez dutela jaso ohartarazi dute.
"Bahiketa eta hilketa politikoa" izan zen Lopez Peñaren heriotza, senideen arabera. Halaber, kexatu dira Frantziako administrazioen aldetik jaso duten "tratu ankerraz". Juanma Lopez Peñaren esanetan, ez dakite zer gertatu zen martxoaren 9tik —presoa bisitatzera joan zirenetik— martxoaren 30era arte —hil zen egunera arte—. Bisitan joan zitzaizkionean osasunez ongi zegoela erantsi du anaiak.
"Soilik dakigu buruan odolbildu txiki bat zuela heldu zela Parisera eta sendagileen arabera osa zitekeela, eta han bihotzean by-pass bat egin ziotela", adierazi du Begoña Lopez Peñak. Gainera, nabarmendu du presoa "bakarrik" hil zela, "nahiz eta gu erietxetik bost minutura dagoen hotel batean geunden". Kritikatu dute ez zietela jakinarazi Xabier Lopez Peñak okerrera egin zuela, eta hura hil eta hamabi ordura eman zietela heriotzaren berri.
Gogorarazi dute sendagileek ez dietela azaldu zein izan den presoaren heriotzaren arrazoia: "Oraindik ez dakigu zer eragin dion heriotza". Orobat, jakinarazi dute salaketak jarri dituztela sendagileen, erietxearen, Frantziako Poliziaren eta estatu horretako espetxe agintaritzaren aurka.
Espero dute aste honetan zehar ekarri ahal izatea Xabier Lopez Peña zenaren hilotza Euskal Herrira.
(Berria egunkariko notizia)
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario