2013/02/16

197/2006 DOKTRINA ETEN


Giza eskubideak, konponbidea, bakea.

Datorren martxoaren 20an, Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines de Rio euskal herritarraren auzia berraztertuko du.




Espetxean 25 urte egin dituen preso politiko honek 2008an bete zuen bere zigorra, baina, aske gelditu baino lehenxeago, zigorra beste bederatzi urtez luzatu zioten. Auzia Estrasburgoko auzitegira iritsi, eta 2012ko uztailaren 12an honek dekretatu zuen presoak aske behar zuela, espetxealdia luzatzeko oinarritzat hartutako 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duelakoan.

Espainiar Estatuak ez du erabakia bete, ordea, eta Ines del Riok preso jarraitzen du, arrazoi beragatik aske utzi beharko lituzketen beste 72 euskal preso politiko bezalaxe. Haien arteko batzuek 20, 25 eta 30 urte ere eman dituzte espetxean, badira adinean aurrera doazenak eta eritasun larriak dituztenak.

Espainiar Estatuak euskal preso politikoen eskubideen kontrako urratze larriak egiten ditu, milaka pertsonaren sufrimendua elikatzeko eta Euskal Herrian abian den konponbiderako prozesua oztopatzeko helburuekin. Presoen espetxe zigorrak bidegabeki luzatzeaz gain, familiengandik ehunka, milaka kilometrora urruntzen dituzte, eta inkomunikazio eta bakartze erregimen bereziak ezartzen dizkiete.

Euskal gizartean orokorra da adostasuna salbuespen neurri horiek gainditu beharraz, eta halaxe ikusi zen Bilbon, joan den urtarrilaren 12ko manifestazio historiko eta jendetsuan. Horrenbestez, hauxe da europar erakundeei helarazi nahi diegun herritarren agindua: giza eskubideak, konponbidea, bakea.

197/2006 doktrina derogatzea ezinbestekoa da euskal preso politikoek bizi duten muturreko egoera amaitzeko. Zinez uste dugu Europak mezu hau entzun behar duela: euskal gizartearen gehiengoak bat egiten du Estrasburgoko Auzitegiak uztailean emandako epaiarekin, eta babestu egiten du, konponbiderako prozesuari begira aktibo bat dela iritzita.

Horrexegatik diogu: bai, Ines del Rioren eta beste euskal preso politikoen askatasunari. Haien giza eskubideen errespetuaren alde eta Euskal Herrian konponbiderako prozesu baten alde. Gure herriak ez ezik, Europa osoak ere hala behar duelako.

Garaia da. Euskal Herrian bakerako aukerak behar dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario